Donostia San Sebastián Turismoa Webgune Ofiziala. Hiriaren turismo-irisgarritasunari buruzko informazioa.

Laburpena

Alde Zaharra hiriko auzorik autentikoena da. Bertan biltzen dira, metro eskas batzuetan, eliza gotikoa eta baseliza barrokoa, garai batean zezen-plazatzat erabili zen enparantza bat (eta hartara, balkoiak zenbakituta egotea), giro biziko kale estuak, eta hiriko barazkirik onenak saltzen dituzten baserritarrak.

Puerto de San Sebastian
 
 
 

Ibilbidea

Hasi Boulevarden kokatuta dagoen Turismo Bulegoan, eta jarraitu Bretxako merkatutik. Merkatuak gertaera historiko bati zor dio izena: 1813ko setioan, tropa ingeles eta portugaldarrek toki horretan bota zuten harresia, armada frantsesa hirian koarteleratuta zegoela. Haren merkatu tradizionalak, kalean bertan, Donostiako produkturik onenak biltzen dituen salmenta-postuak ditu. Sukaldari ezagun askok ia egunero bisitatzen dute.

Kale horretatik metro gutxitara, Konstituzio plaza dago, Alde Zaharraren bihotza. Haren inguruan biltzen dira kale guztiak, lauki-sare baten itxuran. Arkupedun plaza horretan dago hiriko udaletxe zaharra ere, eta etxebizitzetako balkoiek bere garaian zezen-plaza izan zenaren harmailetako zenbakiak mantentzen dituzte.

Konstituzio plazatik hurbil, San Vicente eliza ikusten da, hiriko eraikinik zaharrena. XVI. mendearen hasieran eraiki zen, estilo gotiko berantiarrari jarraikiz. Haren barrualde ilun eta txikian, nabarmentzekoa da Pasioaren eszenak biltzen dituen erretaula.

Elizaren iparraldera zabaltzen den Zuloaga enparantzaren beste aldean, San Telmo, Euskal Gizartearen eta Herritarren Museo dago. Euskal historiari buruzko erakusketa-gunea da. XVI. mendeko komentu dominikarrean kokatu dago, eta 2011n eraikin abangoardista eraikita handitu zuten.

Eskuinera eginez gero, Abuztuak 31 kaleko bidea hartuko dugu. Kaleak, ospe gastronomikoaz gainera, esanahi berezia du donostiarrentzat. Izan ere, 1813ko setioan eragindako sutearen ondoren, zenbaki bikoitiak zituzten etxebizitzak bakarrik geratu ziren zutik. Kalearen erdian, Trinitate Plaza dago, pilotaleku, jolas-plaza eta herri-kirolen txapelketetarako eta kontzertuetarako eszenatoki dena. “Trini” plaza Donostiako Jazzaldiaren gunerik kuttunena da. Akustika ezin hobea duenez, aire zabaleko entzunareto bilakatzen da, eta XX. mendeko blues, soul edo jazzaren pertsonaia nagusiak pasa dira bertatik, hala nola B.B. King, James Brown eta Ella Fitzgerald.

Kalearen amaieran, Urgull mendiaren babesean, Santa Maria basilika dago, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren diruarekin XVIII. mendean eraikitako eliza barrokoa. Eraikin harrigarria da, duen tamainarengatik eta Grekoaren, Jorge Oteizaren eta Txillidaren obrez osatutako museo diozesiar interesgarria duelako.

Alde Zaharrak ez dauka hondartzarik, baina bai itsasorako irteera bat: Portua. Harresi zaharraren ateetako bat zeharkatuta heltzen da bertara. Malda handiko kale batetik igoz, kaira iritsiko gara. Hori izango litzateke oinezkoentzako ibilbide honen zailtasun bakarra, mugikortasun murriztua duten pertsonei dagokienez.

Donostiako kaiak berezko nortasuna ematen dioten hainbat bereizgarri ditu: itsas plater tradizionalak eskaintzen dituzten jatetxeak, pasealekuan har daitezkeen mokadutxoak (izkirak eta karrakelak) eta garai bateko arrantzale-familien etxebizitza tradizionalak.

Portuaren amaieran daude udaletxea eta kasino zaharra, 1887an Kosta Urdinean eta Italiar Rivieran ugaritu ziren joko-etxeen estiloan eraikia. Udaletxearen parean, Alderdi Eder lorategiak daude. Han ikus daitezke XIX. mende amaieran xehetasunez planifikatutako berdegunea, haurrak liluratzen dituen zaldiko-maldikoa eta tamariz edo tamarindo izenez ezagunagoak diren zuhaitzak, Donostiako itsas zona guztietan ugariak direnak.

Bi etxadi eskas igarota, Donostian eraikitako lehen hiri-parkea dago: Gipuzkoa Plaza, XIX. mendeko frantziar estiloko lorategi ederra. Bertan, Foru Aldundiaren eraikina nagusitzen da. Haren fatxadako alderik altuenean, euskal nabigatzaile ospetsuenen bustoak bereiz daitezke. Hiriaren alde honetan, etxeek lauki ordenatu bat eratzen dute, Europako hirigintza modernoaren estilora. Alabaina, badute beren ukitu donostiarra. Izan ere, Igeldo eta Ulia mendietako kareharri-harrobietatik ateratako harri horixka erabili zuten etxebizitzak eraikitzeko.

Ibaitik oso gertu, Donostiaren Belle Époque garaiko bi ikurrak nagusitzen dira: Victoria Eugenia Antzokia eta Maria Cristina Hotela. Gerra artean eraiki ziren, bidaiatzen zuten europar turistak erakartzeko xedez (baita lortu ere), eta banandu ezinezko bikotea eratzen dute. Bi eraikinak ehunka pertsona famatuk hiriburura egindako bisitaren lekuko izan dira: Mata Hari espioia, Bruce Springsteen eta Donostiako Zinemaldira gonbidatuta joandako artista asko, hala nola Elizabeth Taylor, Bette Davis, Woody Allen, Richard Gere eta Brad Pitt.