Laburpena
Itsasoa da ibilbide honen protagonista. Monpasko lurmuturrean hasten da, Ulia mendiaren azpian, eta Igeldo mendiaren magalean amaitzen da. Sei kilometro inguru ditu ibilbideak, eta, kostaldetik doan Done Jakue bideari jarraikiz, Donostiako hiru hondartzak –Zurriola, Kontxa eta Ondarreta– zeharkatzen ditu.
Ibilbidea
Ibilbidea Monpasko lurmuturrean hasten da. Surflarien elkargune da lurmuturra. Handik abiatuta, Zurriola pasealekuak Gros auzoaren bukaeran dagoen hondartza inguratzen du, eta Kursaal Entzunareto eta Kongresu Jauregian amaitzen da, hiriko arkitekturaren sinbolo eta ardatz kultural berrian, alegia. Rafael Moneo arkitektoak diseinatu zuen, itsas aurrean hondartuta dauden bi arroken itxuran.
Gero, Zurriolako zubia, Urumea ibai-ahoa dotoretzen duen arkitektura modernistaren adibide dena, zeharkatuko dugu, eta Urgull mendia inguratzen duen Pasealeku Berrira heldu. Itsaskia dagoenean, olatuak pasealekuraino iritsi ohi dira. Itsas albotik aurrera jarraituz, Jorge Oteizaren obrarekin egingo dugu topo: Eraikuntza Hutsa.
Eskailera batzuek portura eramango gaituzte, eta Aquariuma eta Euskal Itsas Museoa pasako ditugu, gero. Ez galdu Aquariuma eta museoa bisitatzeko aukera.
Portuan, kiroletako nahiz arrantzarako ontziak ikus daitezke, eta, atzealdean, arrantzaleen etxebizitza koloretsuak. Portuaren amaieran, berriz, udaletxea eta kasino zaharra daude, eta baita Errege Itsas Kluba ere. Azken hori estilo arrazionalistako eraikin berezia da, kaian porturatutako ontzi baten itxurarekin diseinatua. Ondoren, hona hemen gure gomendioa: kaia zeharkatu, eta itsasoarekin gozatzea. Pixka bat aurrerago, La Perla Talaso-Sport Zentroa dago. Talaso Sport zentro modernoa da gaur egun, eta, garai batean, munduko bainuetxerik garrantzitsuenetako bat ere izan zen. Kontxako hondartzatik jarraituz, Txillidaren Omenaldia Fleming-i, obra ikus dezakegu. Atseden hartzeko eta paisaiaz blaitzeko toki aproposa da. Parean, Santa Klara irla dago.
Kontxako pasealekutik, Miramar Jauregira, igo gaitezke. Ana erreginaren garaiko “cottage” ingelesen tankerara eraiki zen, eta bertan igarotzen zuen Maria Kristina erreginak uda, bere gortearekin. Beste sarreratik behera jaitsiz gero, Antiguoko auzora iritsiko gara. Donostiako lehen biztanleak zona horretan kokatu ziren, eta horri zor dio izena.
Ondoren, Ondarretako hondartzak, pasealekuak eta lorategiak aurkituko ditugu. Maria Kristina erreginaren ohorez eraikitako estatua dago bertan, eta, handik, Haizearen orrazira iritsiko gara. Hiriko txokorik ederrenetako bat da, Luis Peña Gantxegi arkitektoaren eta Eduardo Txillida eskultorearen obra.
Erne! Ez da toki irisgarria gurpil-aulkian doazenentzat.