Donostia hiri erosoa da paseatzeko, eta herritar askok erabakitzen dute oinez (% 45) edo bizikletaz (% 17) mugitzea. Hiriko autobusak ere oso erabiliak dira (% 19); izan ere, hiriko txoko guztiak lotzen dituzte eta jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren alde egiten dute.
Hiriko autobusen % 100 irisgarriak dira eta azken teknologiaz hornituta daude —mugitzeko, entzuteko edota ikusteko zailtasunak dituztenei bidaiak erraztearren—. Autobusera igotzeko solairu baxua dute eta bidaiariak arazorik gabe sar daitezke, mugikortasun urriko pertsonentzat instalatuta dauzkaten arrapalei esker. Hainbat kolektiborentzat erreserbaturiko eserlekuak ere badituzte.
DBUS Donostiako autobus konpainiak urteak daramatza inklusioa lantzen autobus irisgarrien flota indartuz.
Zalgurdietatik flota elektrikora
DBUSek 135 urteko historia du. 1886an zaldiek tiratutako gurdi flota batekin hasi zenetik gaur egungo autobus elektriko eta hibrido modernoetaraino, DBUS etengabe aritu da eboluzionatzen, komunitateari zerbitzu hobea eman nahian.
DBUSen egungo flotak mota guztietako 130 autobus baino gehiago ditu: autobus artikulatuak edota, adibidez, mikrobusak (hiriko lekurik estuenetara sartzeko...). Gainera, 12 metroko flotaren erdia baino gehiago hibridoa edo elektrikoa dela esan behar da, ingurumen jasangarritasunarekiko konpromisoaren erakusgarri.
MMPentzat erreserbaturiko eserlekuak
DBUSeko autobus guztiek dituzte Mugikortasun Urriko Pertsonentzat erreserbaturiko eserlekuak. Hor sartzen dira adinekoak, lesio fisikoen ondorioz mugitzeko zailtasun iraunkorrak edo iragankorrak dituztenak, desgaitasun sentsoriala edo organikoa dutenak, laguntza-txakurren erabiltzaileak eta haurdun dauden emakumeak.
Metro - Topoa
Donostiako metroa Iruneraino iristen den eskualdeko tren sarearekin lotuta dago, eta ibilbide horrek zeharkatzen dituen tunelak direla eta, donostiarrek TOPO deitzen diote.
TOPOak 7,5 minutuko maiztasunarekin lotzen ditu hiriko auzoak.
NaviLens
Autobus markesina berriek zein metrokoek NaviLens izeneko gidaritza-sistema dute. Distantzia handira irakur daitekeen kode sistema bat da, ikusmen desgaitasuna dutenei geldialdiak modu autonomoan kokatzeko aukera ematen diena.
Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema honek orientatzeko eta testuinguruan kokatutako informazio eskuragarria lortzeko aukera ematen du, hala nola geralekuaren izena, autobusen eta trenen etorrera (denbora errealean) eta helmuga.
Taxia
Udal Araudiak % 5ean finkatuta dauka egokitutako taxien gutxieneko ehunekoa, baina benetako ehunekoa % 6,8koa da.
Vallina konpainiak 17 ibilgailu egokitu ditu